Albisteak

2014 Urria 29

Zumaiara joan da Tolosako Babarrunaren ekoizleen lehiaketako lehen saria

Argazkia

TOLOSALDEAKO HITZA, 2013/11/16
Zumaiako Jose Mari Aramendi ekoizleak eraman du gaurkoan, 13:00etan banatu den Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketako lehen saria (200 euro, txapela eta ardoa). Aramendi pozik azaldu da eskuratutako sariarekin, nahiz eta behin baino gehiaogotan Tolosako lehiaketan parte hartu aurtengoan eraman du sari nagusia. Lehian 22 ekoizle aritu dira, goizean goizetik. Izan ere, 07:30ean hasita, Tolosako hiru sukaldarien esku geratu da babarrun hauen prestaketa; ur egosian, suabe-suabe eginez, olio eta gatza bakarrik gehituta. Bigarren eta hirugarren sariak eskualdean geratu dira, Ibarran. Aritz Izagirrek eraman du bigarren saria (150 euro, garaikurra eta ardoa) eta Koldobika Artolak hirugarrena (100 euro, garaikurra eta ardoa).
Zumaiako Jose Mari Aramendi ekoizleen saria jasota |  Ikusi haundiago |  Argazki originala

Zumaiako Jose Mari Aramendi gailentzea ahalbitu duena epaimahaiaren erabakia izan da. Goizeko 11:30ean Tolosako Trianguloa Plazan ezarritako karpan sukaldatutako babarrunen dastaketari ekin diote sei epaileek: Rodriguez, Zubelzu, Oiheneder, Fleschman, Ceberio eta Garcia.  Tartean sukaldari ospetsu eta gastronomia kritikariak, eta baita Basque Culinary Center-eko ikasle Zubelzu, Tolosako Babarrunaren inguruko tesia egin duena ere.

Behin sari banaketa eginda, babarrun irabazlearen enkanteari ekin zaio. Zumaiako Jose Mari Aramendik ekoiztutako 3 babarrun kilo dira enkantean jarri direnak. Babarrun lakaria eskuratu nahiean Dastatu internet bidezko elikagaien salmentaz arduratzen diren enpresako arduradunak eta Tolosan ireki berri den Merka&To dendako arduradunak aritu dira. Azkenean 1.000 euroren truke Dastatuk eskuratu du. Ordaidutako 1.000 euro horiek Afrikako Elkartasun Taldearen alde jaso dira.

Tolosako Babarrunaren astearen ospakizunen baitan, gaurko goizean zehar hainbat ekitaldi ezberdin ere burutu dira. Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun sailak bultzatuta, eskualdean bizi diren jatorri ezberdineko pertsonek Tolosako babarrunak prestatzeko modu ugari daudela erakutsi dute. Adibide bat baino ez da Ghanako jatorriko Tolosaldeko biztanleek prestatutako babarrunak: koose eta yoke gari erara aurkeztu dituzte. 

Gainera, Tolosako Babrrunaren Kofradiaren eskutik Tolosako Babarrunaz gozatzeko aukera eskaini diete plazan bilduriko herritarrei. Babarrun platerkada ugari banatu dituzte ospakizunari erreferentzia eginez: "Tolosako Babarrunaren Astea". 

Ekoizleek jakitera eman bezala, 2013. urtea uzta aldetik urte oparoa izan da. Izan ere, erein diren 500 kg. haziek 25.000 kg. babarrun eman dute. Iazko urteko datuekin alderatuta, zifra positiboa nabarmendu beharra dago; 2012. urteak 10.000 kg. babarrun eskaz eman baitzituen. 

San Frantzisko pasealekua eta Trianguloa Plaza azoka bihurtuta

Goiz osoan zehar jende andana bildu da Tolosako Trianguloa plazan eta San Frantzisko pasealekuan; zer jan, zer edan eta zer erosi izan da bertan. San Frantzisko pasealekuak Liburu Azoka hartu du bere gain. Azaroaren 24a bitartean euskal disko eta liburuak erosteko aukera izango du bertaratzen denak. Horrez gain, "Euskal emakume idazleak" erakusketa ere ikusgai dago San Frantzisko kalean kokaturiko postuetan. 

Bestetik, Trianguloa Plazan babarrunaz gain bestelako produktuek ere hartu dute protagonismoa gaurkoan, artisautza azokaren baitan: gazta, ardoa, eztia, baratzeko fruituak, haragia... Baserritarrek ekoiztutako lehen mailako produktuak Tolosako herritarren eta bisitarien eskura.