Ezaugarriak

Babarrunak "Eusko Labela duten Tolosako Babarrunak" izenaren babesa eduki ahal izateko, hau da, Eusko Label ezaugarriak ematen duen kalitate eta jatorri ziurtagiria, dastatu edo probatzen direnean kalitate Bikainekoak edo Oso Onekoak izan beharko dute eta ondorengo ezaugarriak eta baldintzak bete.

Ekoizpen-ingurua:

Euskal Autonomia Erkidegoko alde atlantikoan egin beharko dira, 585 mm.ko edo hortik gorako Benetako Ebapotranspirazioa (Thornthwaite) ematen den zonaldean, eta neguko batez besteko gutxieneko tenperaturak (ez dira baxuegiak izango) eta udako gehienezkoak (ez dira altuegiak izango) kalitatezko babarrunaren garapenerako egokia izango den klimari dagozkionak izango dira.

Ezaugarri morfologikoak;

  • "Tolosako" barietatea (Aiena) Mintegietako Hazien eta Landareen Institutu Nazionalean erregistratua dago.
  • Tamaina zehatzik ez du (landare altua).
  • Arto, sare, makila edo hagatxo bidez lagunduta egiten den ekoizpena da, aire librean ereiten da eta ereiten denetik 120 - 170 eguneko aldia beharko du bildu arte.
  • Oboide itxurako alea, eta kolorea, berriz, more ilunetik ia beltzera bitartekoa.
  • Neurria 1 cm. eta 1,5 cm. luzera artekoa, eta 100 aleren pisua 50 eta 65 gramo ingurukoa izango da.

Kalitate eta freskotasunari buruzko gutxieneko ezaugarriak;

  • Osorik egotea eta trinkoak izatea.
  • Egoera onean egotea eta lizun, usteltasun, intsektu eta parasitorik ez izatea.
  • Mota horretakoak izan behar duen itxura freskoa.
  • Ez du izango ohikoa ez den kanpo-hezetasunik eta usain eta/edo zapore bitxirik.
  • Garbiak izango dira, ia kalterik gabekoak eta ikusteko moduko gai arrarorik gabe.

Ontziratzeko eta etiketa jartzeko baldintzak:

  • Babarruna merkaturatzeko ½ kg.ko, 1 kg.ko, 3 kg.ko zakuak bakarrik erabili ahal izango dira, 25 kg.koak ostalaritzarako baldin badira, eta 700 gr.ko kristalezko ontziak aurrez prestatutakoentzat.
  • Ontzi edo zaku bakoitzeko edukia antzekoa izango da, barietate, tamaina, neurri, kolore eta heldutasunari dagokionez. Edukia inork ez hondatzeko moduan itxi beharko da ontzia edo zakua.
  • Zakua edo ontzia babarrunak erraz ikusteko modukoa izango da, eta aldi berean era egokian babestu eta kontserbatuko ditu.
  • Etiketan azaldu beharreko datuak honakoak izango dira: izendapena, eduki garbia, ontziratze-data, gutxieneko iraupenaren data, ontziratze-sorta, merkataritza-maila eta Eusko Labelaren kontrol-etiketa zenbatua.

Ingurumena errespetatzen duen ekoizpen-sistema izateagatik eta produktuaren kalitate-ezaugarriengatik Tolosako Babarrunak merezimendu guztiak egin ditu Euskadin kalitatearen bermatzaile nagusia den Eusko Labelaren kalitate ezaugarria lortzeko.