Historia

Euskal Herrian bada ohitura esateko lan egiten duenak "etxera babarrunak eramateko" egiten duela. Eta beste esanahi batzuk albora utzita, esaldi honen bidez azaldu nahi izan da babarruna oso garrantzitsua izan dela gure herrian.

Babarrunaren kontsumoak garrantzi handia izan du elikaduraren alorreko dieta baten barruan sartzen diren oinarrizko produktuetan, egoskari horren bidez lortzen direlako neurri batean giza elikaduran beharrezko diren landare jatorriko-proteinak. Gogoan izango duzue baserrietan babarrunak jaten zirela egunero, igandeetan izan ezik, horietan eta aldatzeko, garbantzuak eta bakailaoa jaten ziren.

Bestalde, ez dago oso argi Tolosako babarrunaren jatorria zein den. Batzuk diotenez Ameriketatik ekarri zuten XVI. mendean, kolonizazioaren ondoren. Nolanahi ere badira hipotesiak Iberiar penintsulan lehendik ere ezagutzen zituztela esaten dutenak. Baina aldi luzea behar izan zen labore hori nekazariak onartu eta horren kontsumoa zabaldu zen arte "Euskal eltzekoa"ren oinarrizko egoskaria izatera heltzeko, hori iritsi aurretik erabiltzen ziren babak eta gaztainak alde batera utziz. Basomutilek eta "ikazkiñek" ez zuten hori egin, eta lanean ahitutako indarrak berreskuratzeko baba jaten jarraitu zuten, elikagai hobea zela esanez. Horrenbestez, labore horrek ez zuen garrantzi handiegirik izan gure herrian XVIII. mendearen amaierara arte eta XIX. hasierara arte. Orduan, gure nekazaritzaren pizkundearekin, hamarraldi luzeetan izan duen garrantzizko leku hori irabazten hasi zen babarruna. Laborantza hori nabarmen zabaldu eta Gipuzkoako etxe gehienetan nahitaezko otordu izatera heldu zen XX. mendearen erdialdera arte. Adibide moduan, 1914an, garai hartan jasotako estatistika-datuen arabera Gipuzkoan izandako Babarrun ekoizpena 4 milioi kg. ingurukoa izan zen guztira, gaur egun, harrigarria bada ere, kopuru haren hamarren batera bakarrik iritsiko gara.

Mende honen erditik aurrera hasi zen Babarrunaren beherakada nabarmena, hala ekoizpenean nola kontsumoan. Mende erdialde inguruko beherakada horren arrazoiak honakoak izan ziren: elikadura alorrean ohiturak aldatzea gure dietan produktu berriak sartzeagatik, maila ekonomiko hobea lortzea, nekazaritzan esku-lanak behera egitea eta industriak izandako garapena, azken honek ordu arte nekazaritzarako erabilitako lurrak bereganatu zituen. Azken hamarraldi honetan, ordea, elikadura alorreko joera berrien arabera dietan egoskariak sartzea komeni da oso elikagarriak direlako. Babarruna proteinetan aberatsenetakoa da landare jatorriko elikagaien artean. Karbono hidratoak ugari ditu eta baita zuntza ere, horiez gain asko dira dituen mineralak eta bitaminak ere, B mailakoak bereziki.

Elikadura alorreko adituen aurkikuntza horri esker, eta Euskal Herrian ohiko eran ekoiztutako produktu naturalen kontsumitzaileak horretan ibili direlako, sartu da babarruna berriro gure dietan eta pixkanaka-pixkanaka horren kontsumoa gehitzen hasi da.

Tolosako babarrunak lotura handia izan du beti Tolosarekin, eta Herri hori 1256 urtean sortu zenetik bertan egiten den asteroko azokari esker izan da. Duen kokapen geografikoagatik lotune eta komunikabideetako elkargune izateagatik izan du garrantzia Tolosako azokak. Tolosan elkartzen ziren Nafarroatik eta Aragoitik etorritakoak eta Gaztelatik etorritakoak, eta horiek nahitaez igaro behar zuten Tolosatik Frantziara joateko. Gipuzkoan ekoiztutako babarrun kopurutik, autokontsumorako behar zena kendu ondoren geratutakoa Tolosako azokan merkaturatzen zen, eta garrantzi handikoa izaten zen hortik Estatuko gainerako herrietara egiten zen Babarrun-esportazioa.

Horrenbestez, "Tolosa" izena ez da ezaguna babarrunaren ekoizpena bereziki Tolosan eta inguruko eskualde horretan egiten delako, baizik eta azoka horrek Babarruna merkaturatzeko izan duen eta duen tradizioagatik.

Tolosako merkatua