Albisteak

2008 Azaroa 04

ONA, GARBIA ETA BIDEZKOA

Argazkia

“Salone internazionale del gusto 2008”. Slow Food mugimendua – “Terra Madre Sarea”. Urriak 23-27, Turinen egin berri da bi urtez behin slow food mugimenduak antolatzen duen azoka erraldoia. Eta berriz ere bertan, Tolosako Babarruna elkartekoek, Tolosako Babarruna eta Tolosaldeako ezaugarriak saldu eta sustatu ditugu. Tolosako Babarruna, slow mugimenduaren barruan “baluarte” bat da.Zer da slow food?

Gizartean jakiek izan zuten balio galeraren aurrean (elikadura azkarra) eta hauen produkzio homogeneizatu eta ekoizpen mota industrial baten alternatiba gisara, Italian sorrera izan duen mundu mailako mugimendua da. Besteak beste mugiendu honen helburu nagusienetakoak hauek dira: ekoizle txikiak eta galtzear dauden etxabereak babestea, biodibertsitatea bultzatzea, antzinatik ibilitako haziak gorde eta erabilera bultzatzea, etab. Horrela, ekoizleak antolatzen lagundu eta ekoizle eta kontsumitzaileen arteko arremanak sendotzen saiatzen da. Mundu guztian zehar, 80.000 kidetik gora ditu jada mugimendu honek eta bi urtetik behin, Turinen egiten den Slow azokara, mundu guziko milaka lagun erakartzen dute, hotel, aterpetxe, pensio ….eta etxe partikularretan ere jendea hartu behar izaten dutelarik.

Zer da Terra Madre sarea?

Terra madre sarea, slow filosofiarekin bat egiten duen orok osatzen dugu. Gure lema, “Ona, garbia eta bidezkoa” da. “Ona” ekoizten ditugun elikagaiak kalitatezkoak izan behar dutelako, goxoak, ondo zaindutakoak. “Garbia”, elikagai horiek, ingurugiroa kaltetuko ez duen nekazaritza mota jasangarri bat tarteko ekoiztuak izan behar dutelako eta azkenik, “bidezkoa” prezio duinetan ekoiztu behar delako, hau da, ekoizleak bere kosteak asetuko dituen prezioa behar du eta kontsumitzaileak berriz, elikagaiekin ez dadila espekulatu. Sare hau 3 zutabe nagusietan sostengatzen da:

            1.- Elikagiaien komunitateak: Hemen slow filosofiarekin bat egiten duten ekoizleak biltzen dira.

            2.- Sukaldariek: Paper garrantzitsua betetzen dute. Beraien sormena tarteko, lurralde bateko gastronomia eta kulturaren igorle zuzenak baitira.

            3.- Unibertsitatea eta ikerketa zentruak: Mundu guztian 250-etik gora dira eta hauetan 450 zientzialari eta katedratikoek lan egiten dute, slow filosofiarekin bat egiten duten elikagai zein bestealko tradizioak bultzatu eta babesteko.

Zer da Baluarte bat?

Ezaugarri bereziak dituen elikagai bat tarteko antolaturik dagoen ekoizle taldea izendatzen da horrela, izan leike oio arraz bat edota gure kasuan bezala babarrun mota bat, etab. Elikagaia berezia izan behar du, lurralde jakin bati lotuta egon, tradizioari lotuta, paisaian txertatua, gizartean balio handikoa baina era berean, ekoizlearentzako hain errentagarria suertatzen ez den ekoizpena. Italian bertan 200dik gora baluarte daude eta beste 100 bat mundu guztian barreiatuta. Adibide gisara, Borneoko Bario arroza, Keniako Masai artzaiak, Mexikon Tabasco lurraldeko nekazariak, etab.

Tolosako Babarruna Turinen

Kontuak kontu, TBEko kideek Turinen 5 egun egin dituzte, Tolosako Babarrunaren ezaugarriak azaltzen, saltzen, dastatzen ematen eta Tolosaldea Tour erakundeari esker eskuratutako liburuxka eta besteak, Tolosaldeari buruzko informazioa zabaltzen.

Asko izan dira stand-era inguratu eta gure babarrun honen itxurarekin txunditurik gelditu direnak, ez baitago besterik munduan, beltza denik eta batipat, dizdira hori duenik, zeren antzekoak asko daude baina gurea bezalakorik ez. “Perla Beltzak” deitzen zioten askok. Baina itxurarekin bakarrik ez ditugu erakarri, zaporea ere, mundiala omen eta eguardialdera askoren gozagarri bihurtu ziren gure babarrunak.

Tolosaldeatik, TBEkoek eta Euskal Txerriaren ekoizlea den Peio Urdanpilletak parte hartu dugu azoka honetan. Bizkaiko eta Arabako beste zenbait ekoizlek ere parte hartu dute.

Hemendik joan eta hurbildu zirenak ere izan ziren, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako slow elkartekoez gain, besteak beste, ezagunenen artean, Rafael Uribarren Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza saileko diputatua, Gipuzkoako Batzar eta Eudeleko  zenbait lagun alboan zituela eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza saileko kontseilaria den Gonzalo Saez de Samaniego.